XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beti ere bi eremuak zorrozki ebakiz eta bereztuz.

Eta oraindik ere alde batetik giza natura unibertsala gizon guztientzat eta edozein aro historikotan berdina, eta bestetik inguramen sozialak moldaturiko izaki berezia, elkarrengandik aparte kontsideratzen dira.

Biologo batek, oraindik harriaroan bizi den gizon primitibu baten artean eta New Yorken bizi den gizon superzibilizatu baten artean, ia ez du diferentziarik aurkitzen.

Eta soziologo batek, ia ez du antzik batere ikusten haietxen bien artean.

Gizona bi maila guztiz ezberdin hauetan bereztea: natura eta kulturatan ebakitzea, bururik gehienetan oraindik superatu ez den ikuskera bait da.

Alde batetik irudimena, adimena, nahimena, gizonaren ekintza; bestetik natura, determinismoa, heredentzia, kostituzioa.

Alde batetik finkaturik dagoen abere-espezie bat, gizona, aldatzen ez dena; bestetik etengabe aldatuz doan historia, beti berdina dagoen gizonak eginda.

Baina ez da egia, gizonaren kostituzioak historiarekin zerikusirik ez duenik.

Ez eta historiak gizonaren konstituzioarekin zerikusirik ez duenik ere.

Ezin esan liteke, bion batasuna argiturik dagoenik.

Baina bai, honetaz eduki izan diren irudipen dualistak lurreratu direla.

Irakurleak igarriko zion bezala, zera esan nahi dut.

Alde batetik naturalistak daduzkagu: gizona beti gizon izan da, esaten digute, beti berdina, eta ez da aldatuko.

Alproja bat da gizona, erkina, petral, zimur, lukur, bekaizti, alfer, doilor, zirtzil, larderikoi, liskarti, narratsa.

Gizon berriaren predikuak zorakeriak dira.

Gizonaren natura aldatzerik ez dago.

Eta beste aldetik izpiritualistak dabilzkigu: diren eta ez diren gaitz guztiak kultur moldeetan, klase banakuntzan, familiako errepresioan, tabuetan, erlijioan, aurkitzen dituztenak.

Horiek guztiak naturalak ez baino, zuzen-zuzen antinaturalak balira bezala, eta kasualidade hutsez sortuak balira bezala, tratatzen dituztenak.